Herri-ekoizpenak

Herritarren parte-hartzea
eszenatokian

2008an, Urnietako Udalak udalerriko kultur eragileen eta elkarteen talde baten esku jarri zituen ekimen eszenikoak aktibatzeko beharrezko baliabideak, udalerriko herritarren eta elkarteen parte-hartzearen bidez proiektu integratzaileak sustatzeko.

Ekimen honen sustatzaileak ,“Marizulo” taldeak, antzerkia, musika eta dantza uztartzen dituzten hiru ikuskizun sortu, ekoiztu eta erakutsi ditu. Urnietako historian izan diren gertakari garrantzitsuenetako batzuk herritarrekin partekatuz: “Marizulo”, “Urnieta´59” eta “1936”.

2016an, Txirritaren heriotzaren 80. urteurrenarekin bat eginez, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak Urnietako Udalari proposatzen dio “Gabon Txirrita” obra berreskuratzea eta eszenaratzea urnietarren parte-hartzearekin, 80ko hamarkadaren amaieran Xabier Letek eta Buruntza herriko antzerki taldeak idatzi eta antzeztutako obratik abiatuta.

2019an, Saroberen 25. urteurrenaren baitan, Txanbolin Txistulari Banda, Anabas Musika Taldea eta Egape Dantza Taldea, herriko kolaboratzaile talde batekin batera, musika, dantza eta irudiak biltzen dituen “Soinuen begiradak” ikuskizuna sortu zuten, Urnieta herriaren leku esanguratsuenak irudikatuz.

“Soinuen Begiradak”
(2019)

Txanbolin txistulari bandak, Anabas musika taldeak eta Egape dantza taldeak ibilbide luzea daramate herriko kultura eta folklorea musikaren eta dantzaren bitartez aldarrikatuz.

Ikuskizuna musika, dantza eta irudia uztartzen dituen proiektua da. Eguzkiak Urnietan urratzen duen ibilbideari jarraiki, begirada estetikoa eskaintzen du okasiorako sortutako doinu eta dantzen bitartez, herriaren historiaren ibilbideari neurri batean jarraituz: Adarramendi inguruko «mairu-baratzak», «Sansonarri», «Buruntza» eta Idiazabal kalea, egunsentitik eguzkia ezkutatzen den txokoraino.

“Gabon Txirrita”
(2016)

Txirritak “nire aipamenak izango dira beste larogei urtian” utzi zuen idatzita (80 urte barru aipatuko da nire izena) eta haren heriotzaren 80. urteurrenean, Donostia 2016 kultur hiriburutzak bertsolari ospetsua omentzen du Leteren obra berreskuratuz. Obra Urnietako herritarrekin eta elkarteekin lankidetzan antzezten da.

Obra Urnietako herritarrekin eta elkarteekin lankidetzan antzezten da. Haren izaera, ibilerak eta bertsoak epaituko dituzte, eta senide, lagun, herriko apaiz eta bestelakoek aldeko eta kontrako lekukotzak emango dituzte. Umorez antzeztutako epaiketa baten bidez fartsa bat agerrarazten da.

“1936”
(2012-13)

1936 antzezlanak Gerra Zibilean indarkeria jasan zuten urnietar guztien (fusilatutakoen, frontean hildakoen, desagertutakoan…) aintzatespen publikoa egitea du helburu, giza eskubideen urraketen biktima izan ziren herritarrak inguratzen dituen isiltasuna buka dadin.

Era berean, Espainiako gerra zibila euskaldunen arteko gerra ere izan zela erakusten du. Urnietan, herrian ordezkatuta zeuden familia politikoen (karlistak, abertzaleak eta sozialistak, batez ere) arteko tentsioa ezkutuan zegoen. Uztailaren 18ko estatu-kolpearen ondorioz, lotura guztiak hautsi ziren, eta ordura arte pentsaezina zen indarkeria-odoljarioa gertatu zen.

Marizulo taldeak Gerra Zibilean izandako indargabekerien sorburuei buruzko hausnarketa egin nahi du gaurko urnietarrekin batera eta, horretarako, gertakariak ahalik eta modu ulergarrienean azaltzen saiatzen den ikuskizuna oholtzaratu du.

“Urnieta ’59”
(2010-11)

1959tik Franco hil zen arteko gerraosteko historian oinarrituta, udalerriaren eguneroko bizitza kontatzen du 60ko eta 70eko hamarkadetan, garai nahasia eta aldaketa bortitzen garaia. Urnietak industrializazioa ezagutu zuen, eta horrekin batera immigrazioa. Ikastola sortu zen, “Ez dok amairu” kultur mugimendua, 68ko maiatza…

“Atzokoei, gaurkoei eta biharkoei. Herrian jaio zirenak baina bizitzak alde egitera behartu zituenei, eta beren sorterriaren nostalgiaz bertan hil zirenei. Obra hau Urnietako herri onari egindako omenaldia da”. (J.Aguirre Sorondo)

“Marizulo”
(2008-09)

Historiaurretik 36ko gerra hasi aurreko urteetaraino abiatzen den obra da. Duela 5.300 urte Marizuloko leizean lehen urnietarra  ehortzi zuten. Sasoi hartan ehizarekin eta basoko fruituen bilketarekin ateratzen zuten aurrera bizimodua urnietarrek. Alabaina, artzaintzan ere jarduten zuten orduan.

Orain dela 2.500 urte Muniskuegaina izeneko parajean, harrizko borobil dotoreak (cromlechak) eraiki zituzten orduko urnietarrek, hildakoen gorputzak erraustu ondoren, errautsen lagin bat hantxe uzteko.

1615.urtean Urnietak, erregeri biztanle bakoitzeko ehundalako dirutza ordaindu ondoren, herri beregain edo burujabea izatea lortu zuten.

1837.O´Donell generalak sekulako triskantza egin zuen Urnietan. Kontua da karlistek egurra eman zietela liberalei Andoainen eta mendeku gisa, Hernanira bueltan zetozela, herria birrindu eta erre zuten. 1886an Urnietan lore jokoak ospatu ziren. Pilota-partidak eta beste hainbat emankizun ere izan ziren.

1923-1936. Gaurko urnietar askori sinesgaitza irudituko zaie orduko 1 Formula (Espainiako Sari Nagusia) gure herriko lurretan hasi eta bukatzen zen zirkuituan korritzen zela jakitea.

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.