Konpainia egoiliarra
2011 urtean Urnietako udalak Aukeran DK konpainia egoiliarra hartzen du Sarobeko egoitzan eta urte hauetan zehar dantza arte eszeniko guneko dinamizatzaile tresna esanguratsua bihurtu da.
Lankidetza honi esker, Aukeran DK-k beharrezko espazioa eta baliabideak ditu entseatzeko, probatzeko eta ikertzeko, bere ikuskizunak sortu eta ekoizteko, horrela bere ibilbide profesionala sendotuz.
Gainera, herritarrak konpainiak komunitatean garatutako sentsibilizazio-, prestakuntza- eta bitartekotza-programez baliatzen dira.

Ibilbide profesionala
Aukeran DK, 1997an sortzen da, Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez. Orduz geroztik, ibilbide luze eta emankorra egin du, eta hainbat ikuskizunen ekoizpenean eta biran islatuta geratu da, besteak beste, honako ikuskizunetan: “Gernika, mihise gaineko dantza”,”Geltokia” edo “Biz hitza”, besteak beste.
Dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mestizajeak lan koreografikoa definitzen du, non dantza eta musika tradizionalaren erritmoa eta arauak hautsi, aldatu, mantsotu edo desegituratzen diren.
Edu Muruamendiaraz konpainiako zuzendari eta koreografoak dantza tradizionaleko irakasle gisa garatzen du bere irakaskuntza lana Euskal Herriko hainbat dantza taldetan. Era berean, irakasleentzako eta ikasleentzako ikastaro monografikoak ematen ditu gure mugetatik kanpo.
2022an, konpainiak 25 urte bete ditu eszenatokietan, eta, hori ospatzeko, «Migratzaileak» obra plazaratu du.
“Migratzaileak” (2022)
Migrazioa mugimendua da. Mugitzea, funtsean, gorputz bat lekuz aldatzea. Lekuz aldatzean gorputzaren barruko guztia mugitzen da harekin: ametsak, beldurrak, minak eta itxaropenak. Migrazioa mugimendua da. Eta mugimendua arintasuna, mugarik eza. Gorputzak irekitasuna behar du mugitzeko: irekia egon mugimendua abiatzeko, irekia egon mugimendua jasotzeko.
Aukeran dantza konpainiak emanaldi honekin hori bera proposatzen dio publikoari: mugimenduari irekitzeko ariketa bat. Ireki gogoak, ireki kuriositatea, ireki gorputzak. Ez dadin norbera izan hormarik altuena. Irekitasuna adierazi dantzaren bitartez, jarrera eszenikoaren bitartez. Historiari begiratu, gure mina besteena ere badela oroitzeko. Mina ukatu gabe, enkontruak ospatzeko prest egotea da publikoari proposatzen zaiona. Zer da migratzaile izatea ez bada, funtsean, mugitzea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzea (Oier Guillan).









Hurrengo Geltokia (2021)
Bizitza bidaia gisa ulertuta. Maletak, norbanakoaren eta norberaren probabilitateak biltzen dituen metafora, kohesio elementua dira guztiontzat berdintsuak diren indarrak eta gaitasunak jarduten duten bizi-prozesuan. Bidaiari bakoitza, bere ekipajea aldean daramala, lekuz aldatzen da. Azken tartean, oroimenaren adinean, zeinetan bakardadeak hainbeste izen dituen, maleta higatuak, husteko zorian. Joandako aldia luzea da, eta denbora dorpeki desegiten da. Erlojuek gure izate iragankorra erretratatzen dute. Geltokia, azken batean, erbesteratze baten hasiera da: geraleku bat zoriontasunean, eternitateari uko-egitea.
Orain, Aukeran Dantza Konpainiako trena geltoki berri batean gelditzen da. Geltoki bat kalean, non garai berriek erritmoa markatzen dute, ikuskizun berri batean.
“Biz Hitza” (2019-22)
Euskara batuaren historia dantzatua
“Herria da gorputza, hizkuntza bihotza”; Fernando Aire Xalbador Urepeleko artzainaren esana da, zehazki, haren Odolaren mintzoan jasoa eta Mikel Laboaren ahotsak zabaldua. Eta hizkuntza gorputza balitz? Nola azalduko lituzke gorputz adierazpenak hizkuntzaren bat-bateko jaiotza edo elearen etengabeko bilakaera?
BIZ HITZA ikuskizunak munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez.
Hizkuntzek elkar ulertzeko balio behar dute, bestela, balio hori galtzen dutenean, desagertzen hasten dira. Euskara arriskuan sumatzean, ipar, hego, eki eta mendebaldeko euskaldunek batasunerako pausoak adostu zituzten, bakoitzak bereari uko egin gabe, guztiei elkarrekin dantzatzeko balioko zien erritmoa ondu nahian (Xabi Paya).







