El mayorazgo de Basterretxe – Zine Kontzertua -Ana Belén García & Thierry Biscary

2026-12-17

19:00

60 min

doan

SARRERAK
Sarobeko informazioa nahi dut
Cartel

EL MAYORAZGO DE BASTERRETXE
Film mutua zuzenezko musikarekin

EUSKAL HERRIA – 1928 – 53 min.
Zuzendaritza: Mauro Azkona.
Gidoia: Mauro Azkona, Víctor Azkona, Esteban Muñoz.
Argazkia: Víctor Azkona.
Antzezleak: Margarita Arregi, Víctor Barguilla, Lucía Basterretxea, Martina Basterretxe, Faustino Bilbao, Juan Bilbao.

Sinopsia:
Basterretxe familia zoriontsu bizi da Aizgorri herriko baserri batean. Martxu, alaba (Margarita Arregi), Txominekin (Orlando Villafranca / Francisco Veintemillas) dago maitemindurik. Josetxo, semea (Eduardo Morata), itsasoan arrantzan ari da.
Don Timoteok (Víctor Barguilla) lurrak eskuratu nahi ditu, Basterretxe baserriaz jabetzeko asmoarekin. Egun batean, Tasio, baserriko jabea, hilik agertzen da eta Txomini leporatzen diote, nahiz eta Maritxuk ez duen hori inoiz sinetsiko.
Ez dute hala uste Potxi (Josebru Frisa) eta Ramonak (Elvira Castro) ere, baserriko morroiak. Josetxuk ezin ditu Don Timoteori dituen zorrak ordaindu, eta honek aukera aprobetxatuko du baserriaz jabetzeko.
El mayorazgo de Basterretxe filma 1928ko abenduaren 19an estreinatu zen Donostian. Mauro eta Víctor Azkona anaien film hau zinema mutuaren aroan Euskal Herrian egin eta kontserbatu den film bakarra da. Euskadiko Filmategiak zaindutako bitxi historiko honek Aizgorri izeneko Basterretxe baserrian bizi den familiaren gertaera batzuk kontatzen ditu.

ZINE KONTZERTUA
Pelikularen proiekzioan, Ana Belén García (organoa, pianoa eta melodika) eta Thierry Biscary (ahotsa eta perkusioa/txalaparta) musikariak dira soinu-banda eta giroa zuzenean jartzen dituztenak. Organoa, ahotsa, danborra eta txalaparta erabiliz, bikoteak dramaren edukia nabarmentzen du eta filma osatzen du.
Euskal Herriko konpositoreen lanak proiekzioaren zehar entzuten dira: Aita Donostia, Tomas Garbizu, bai eta Thierry Biscaryren sorkuntza berriak ere.

ANA BELÉN GARCÍA
Organoa, pianoa eta melodika
Andoainen (Gipuzkoa) jaioa, 1977an, Ana Belén García organista eta piano-jotzailea da, eta interprete-lana kultur kudeaketarekin, zuzendaritzarekin eta musika-irakaskuntzarekin uztartzen du; azken horretan ia hiru hamarkadako esperientzia du. Organo, piano eta klabe ikasketetan goi-mailako tituluduna da, eta Musikenen Musikako Bitartekaritza, Kudeaketa eta Hedapeneko masterra egin zuen. 2008tik Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikako organista titularra da, 2018tik Urnietako Lourdes Iriondo Musika Eskolako zuzendaria eta 2022tik Donostiako Musika Hamabostaldiko Nazioarteko Organo Zikloko zuzendaria.
Kontzertista gisa, bakarlari nahiz ganbera-taldeetan aritzen da, eta Espainian zein nazioartean kontzertuak eskaini ditu, besteak beste, Frantzian, Belgikan, Errusian, Japonian eta Estatu Batuetan. Sorkuntza garaikidearekin konprometituta, hainbat konpositoreren lanak estreinatu ditu. Organo-ondarea zabaltzeko eta musika beste adierazpide artistiko batzuekin uztartzeko proiektuetan ere parte hartzen du, lankidetza artistiko eta inklusiboak sustatuz.

THIERRY BISCARY
Ahotsa eta perkusioak (txalaparta, panderoa eta danborrak)
Baxenafarroako Anhauzen jaioa. Abeslari, perkusionista eta konpositorea da. Ibilbide luzea egin du hainbat taldetan, hala nola Bost Gehio, Bolbora, Hegalka, Triki Traka, Kokin eta Kalakan taldeetan. Musika tradizionala, munduko musikak eta musika klasikoa lantzeaz gain, berezko sorkuntzan ere aritzen da.
2009an Kalakan hirukotea sortu zuen, eta zazpi urtez nazioarteko hainbat musikarirekin eta artistekin lankidetzan aritu zen, besteak beste, Katia eta Marielle Labèque ahizpekin. 2017tik aurrera, euskal konpositore herrikoi eta klasikoen errepertorioa ikertzen hasi zen, eta Hegiak taldea sortu zuen Oreka TX, Ander Zulaika eta Eñaut Elorrietarekin batera. 2018an bakarkako ibilbideari ekin zion Manez eta Kobreak diskoarekin, eta 2020an Muda bigarren lana argitaratu zuen. Musikaz gain, antzerki eta zinemagintzan ere aritu da, aktore eta konpositore gisa, eta kantu-tailerak eskaintzen ditu Euskal Herriko hainbat tokitan.

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.