
2025eko LABURBIRA, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua, Urnietara iritsiko da EUSKARALDIAren baitan.
Aurtengo bilduna herriko ikastetxeetako DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek ikus ahal izango dute eskola-emanaldi formatuan.
Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira eta horietarik, 8 film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Orotara, 97 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak.
Hauxek, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film-laburrak:
- PROSOPAGNOSIA (Ekain Martinez)
- PLAZER BAT (Sonia Estévez)
- BETIKO GAUA (Eneko Sagardoy)
- EUROPA (Ekain Irigoien)
- PENTSATZEN DUT (Karmele Mitxelena)
- HOR KONPON (Jone Arriola)
- GOODBAY KEPLER (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto)
- UTLANDSK (Alba Lozano)
2 helburu nagusi ditu LABURBIRAK: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik. 20 urteotan bide arrakastatsua egin du LABURBIRAK: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du.