2026 badator, ikuskizunez beteta !

Urtea indarrez eta ilusioz hasiko dugu, eta lehen seihileko honetan ez da proposamenik faltako. Umorea, hausnarketa, familia-antzerkia eta sorkuntza garaikidea uztartzen dituen programazioa prestatu dugu, publiko guztientzat. Ikuskizun bakoitza esperientzia berezia izango da, eta gustu guztientzako aukerak aurkituko dituzue.

Urtea barre algararekin hasiko dugu: Txalo Produkzioak ekoiztetxearen Trajea lanaren aurrestreinaldia izango dugu. Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza protagonista dituen lan honek tentsioa, umorea eta interpretazio-indarra uztartzen ditu, lur azpiko duelua dirudien antzezpen bizi batean.

Ondoren, Adrián Cumbres urnietarrak bere proposamen pertsonala ekarriko digu, gaztelaniaz. Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausotzen duen obra da, sorkuntzari, antzerkiari eta bizitzari buruzko hausnarketa existentzial eta sakona.

Urtarrila ixteko, familientzako proposamen berezia izango dugu: Khea Ziater konpainiaren haurrei zuzendutako lehen ikuskizuna. Eguberri kanta klasikoaren moldaketa librea da, gaur egungo testuingurura ekarria, kode zinematografikoak, antzerkia eta panpinak uztartuz.

Otsailean, Ados Teatroaren 52 Hertz lanak nahi gabeko bakardadeari helduko dio. Benetako testigantzetan oinarrituta, baina tonu poetiko eta esperantzaz betean, “balea bakartiaren” metaforaren bidez gizakiaren isolamendua eta harremanen beharra jorratzen ditu.

Familientzako beste proposamen batekin jarraituko dugu: Mar-Mar Teatroaren Elara, bidaia bat izarretara. Galeraren eta doluaren inguruko istorio hunkigarria da, espazio-bidaia bezain emozionala, txikiei zein helduei zuzendua.

Martxoaren 8aren inguruko egitarauan, La reina del Arga izango dugu. FETEN 2022ko Interpretazio Onenaren saria jaso zuen lan honek Remigia Echarrenen istorioa kontatzen du, zirkua, narrazioa, objektuen antzerkia eta arte plastikoak uztartuz.

Metrokoadroka kolektiboaren Bi baso bat ur lanak alaitasuna jarriko du erdigunean. Tratu txarren ondoren zoriontasunerako eskubidea aldarrikatzen duen proposamena da, umorea eta mina uztartuz, ahalduntzerako tresna gisa.

Aste Santuko oporren ostean, Gorakada Teatroaren Moko familia-ikuskizuna izango dugu. Maitasunari, adiskidetasunari eta norberaren lekua aurkitzeko bideari buruzko istorio goxoa.
Horrez gain, Cía Maite Guevararen ¡AHORA! lanak energiaz beteriko Martina aurkeztuko digu, erronkei aurre egiteko prest dagoen emakumea.

Udal ekimenei lekua eman aurretik, Jabekuntza Eskolaren amaierako kontzertua izango dugu Saroben, La otra & Jhana Beat taldearekin.

Eta lehen seihilekoan zehar, Sarobeko Fabrikan hiru egonaldi artistiko burutuko dira, eta horien aurrestreinaldiak ikusteko aukera ere izango dugu:
Las reinas (La Cuerda & Kultura Txipia), Zanbuila (Lolak Kolektiboa) eta Herencia (Kulunka Teatroa).

Laburbilduz, estilo, genero eta gai anitz biltzen dituen programazioarekin hasiko dugu urtea: umorea, emozioa, gogoeta eta entretenimendua eskutik helduta.
Zirrara, barre algarak eta esperientzia ahaztezinak ziurtatuta daude lehen seihileko honetan. Zatoz eta bizi ezazu antzerkia! 🎭

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.