Badira urte asko Sarobeko eszenatokian herriko elkarteek jarduera eszenikoak garatzen dituztela. Horien artean, irailero hutsik egiten ez dutenak Sanmiel festen atariko jardueretan Egape Dantza Taldea eta Zanpatuz Mendi Elkartea dira.
Biak ala biak jarraitzaile ugari dituzte herritarren artean, eta interesa pizten dute dantza zein mendizaletasunaren zaleen artean.
Ezin ahaztu zenbat urte daramatzan dantza taldeak herriko festen programazioaren parte izaten; eta beti, ikusmina pizten duten ikuskizun berritzaileak eskaintzen dituzte oholtza gainean. Aurtengo emanaldian, dantza, bertsoa eta sormena uztartuko dira, gazteen talentua eta esfortzua agerian utziko dituen “Hitzak dantzan” proposamen artistikoarekin.
Bestalde, zanpatuz Mendi Elkarteak sustatuta Mendi Film zinemaldiaren pelikula onenen zirkuitu ibiltariaren 8. edizioa izango dugu ikusgai Saroben. Saiora bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenaz gozatzeko aukera izango dute berriro ere, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren iazko edizioan nabarmendu ziren hiru pelikulekin. Abentura, adrenalina, umore ona eta hausnarketarako gaiak uztartzen dituzte film horiek: eskalada AEBetako Red Rock Canyonen, trail running-a Euskal Herriko gailurretan, eta high-line lerro ikusgarri bat Nerbioiko ur-jauzian.
Primerako hasiera uda ostean denboraldiko programazioari ekiteko!


