Kaixo! Aimar Erostarbe naiz, eta ikasturte honetan Urnietako Udalak antolatutako antzerki-tailerreko irakaslea naiz. Herriko haurrek antzerkia ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten sortutako ekimena da. Nire ustez, antzerkia oso tresna interesgarria da sormena lantzeko, emozioak adierazteko eta besteekin harremanak sortzeko. Horregatik, haurrek mundu hori ezagutzeko aukera izatea nahi dut, jolastuz, inprobisatuz eta ondo pasatuz.
Tailer honen bidez, haurrek antzerkia egiteko, irudimena lantzeko eta askatasunez adierazteko gune bat izatea da asmoa. Askotan, inguruan ez dugu antzerkira hurbiltzeko aukera handirik izaten, eta tailer honekin etxeko txikienek ere mundu hori ezagutzeko eta gozatzeko aukera izatea espero dut.
Saioetan antzerki-jolasak, inprobisazioak eta hainbat jarduera egingo ditugu, sormena, gorputz-adierazpena, emozioak, norberarenganako konfiantza eta talde-lana lantzeko. Baina, batez ere, ondo pasatzeko gune bat izatea nahi dut: pixkanaka lotsa alde batera uzteko, elkarri entzuteko eta bakoitza den bezala lasai sentitzeko.
Taldea oso gustura ari da esperientzia berri honekin, eta ilusio handia dugu aurrera jarraitzeko. Pixkanaka elkar ezagutzen ari gara, konfiantza hartzen eta gero eta erosoago eta parte-hartzaileago sentitzen dira jolasean, baita inprobisazioetan eta jarduera guztietan ere.
Oraindik bide luzea dugu aurretik, baina elkarrekin ikasten eta hazten jarraitzeko gogo handia dugu. Ikasturte amaierarako helburuetako bat antzezlan bat prestatzea da, saioetan landutako guztia praktikan jartzeko. Guztion artean zerbait sortzeko, taldean lan egiteko eta familiei zein herritarrei ikasitakoa erakusteko aukera polita izango da.
Garrantzitsuena ez da dena primeran ateratzea, baizik eta bideaz gozatzea, elkarrekin ikastea eta egindako lanaz harro sentitzea.
Aimar Erostarbe


