Duela hilabete batzuk blog honetan partekatu genuen “ADK3.7 – DUALTASUNA” lan berriaren sormen-prozesuaren hasiera. Aukeran Dantza Konpainiaren proposamen berriak dualtasuna, topaketa eta memoria partekatua ditu ardatz.
Egonaldian zehar, Ikuskizuna eraldatzen eta osatzen joan zen, entseguen, doiketen, aldaketen eta erabaki berrien artean, etengabeko bilaketa-bidaia batean. Orain, proposamen berria Umore Azoka jaialdian aurkeztu da, tradizioaren eta garaikidetasunaren, ordenaren eta kaosaren, argiaren eta itzalaren arteko kontrasteak aztertzen dituen bidaia koreografikoari forma emanez.
Ikuskizun berri honetan, dantza eta zuzeneko musika uztartzen dira, dantza tradizionala eta garaikidea batzen dituen proposamen batean. Ines Osinagaren musika-konposizioak indar handia ematen dio piezari; Oscar Armendárizen jantziek, berriz, zuri-beltzaren eta gona zein prakaren arteko konbinazioaren bidez, obraren dualtasunaren ideia indartzen dute. Paolo Mohovichen eta ADKren koreografiek, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, “DUALTASUNA”ri forma ematen diote.
Kalean, dantzariek dira ikuskizuna sostengatzen eta arnasa ematen diotenek. Eguraldia, espazio publikoa eta ustekabeko egoerak ere ñabardura bihurtzen dira, emanaldi bakoitza bakar eta errepikaezin eginez.
Estreinaldiak ibilbide baten azken etapa islatzen du. Obrak publikoari esker aurkitzen du bere zentzua, haren osagai ezinbestekoa baita. Eta hortxe hasten da dena. Bira berriari ekiten diozuen honetan, zorte on!


