Funky ikastaroa.
Pixkanaka-pixkanaka ikasturtea aurrera da, eta ia ikasturtearen erdibidera iritsi gara. Hazi bat landatzen duzunean eta lurra maitasunez, etengabeko lanarekin eta irmotasunez lantzen duzunean, emaitzak ikustea gehiago kostatzen da baina iristean… oso pozgarriak izaten dira. Dantzarekin ere gauza bera gertatzen da: ahaleginek saria izaten dute, baina gutxitan epe laburrean. Horregatik, egiten ari garen lanaren eta esfortzuaren emaitzak ikusten hasia naiz, eta oso pozik nago orain arteko bilakaerarekin.
Gazte funky eskoletan beroketa eta luzaketa ariketak egiten ditugu, koreografiak asmatzen eta ikasten ditugu eta tarteka jokoren bat ere ; baina guzti honen gainetik, badago niretzat are garrantzitsuagoa den zerbait: errespetua eta elkartasuna. Bi balio horiek ezinbestekoak iruditzen zaizkit taldean lan egiteko, ez bakarrik dantzan, baizik eta bizitzan oro har ere. Eskola orduetan inor ez da bestea baino gehiago, inork ez du inor barregarri utziko; aitzitik, espazio seguru bat sortzen saiatzen naiz. Gaztetxoak esperimentatzera eta akatsak egitera ausartu daitezen animatzen ditut kanpo- epaiketaren beldurrik gabe. Horrela aurkituko dute euren mugimendu propioa eta euren flow-a.
Aurten iaz baino talde gutxiago osatu dira , baina, horrek aukera eman dit martxan jarri diren taldeekin sakonago lan egiteko. Horrela, dantzari guztiak hobeto ezagutzeko eta haiengandik ikasteko aukera izan dut (eta haiek nigandik ere, hori espero dut behintzat). Talde bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina denek dute jarrera bikaina eta energia handia dantza-pistan askatzeko. Dagoeneko hasi gara ikasturte amaierako erakustaldirako koreografiak prestatzen. Publikoa prest egon dadila, txalo artean eskumuturrak nekatuko baitituzte.
Oso pozik nago irakasle gisa hazten jarraitzeko eman didaten aukeragatik, nire koreografiak irakatsi ahal izateagatik eta pertsona txiki baina bereziekin, azpiegitura bikainetan momentu politak partekatu ahal izateagatik.
Mila esker Sarobe, bihotzez.
Irene Cormenzana


