Martxoa emakumeen ahotsa eta presentzia oholtza gainean ospatzeko hilabetea izango da gure antzokian. Programatutako lau ikuskizunek emakumea jartzen dute erdigunean, bai iraganeko istorioetan, bai gaur egungo begiradetan.
ZANBUILA, Lolak Kolektiboa taldearen sormen kolektibotik jaioa, kostaldeko emakumeen bizipenetan murgiltzen da. Ikusi eta entzun ez diren aurpegi eta ahotsak plazaratzea du helburu, belaunaldi desberdinetako emakumeen istorioak oholtzara ekarri eta ikusleok ere bustitzeko gonbita eginez.
LA REINA DEL ARGA lanean, Remigia Etxarren funanbulista ausart eta aitzindariaren memoria berreskuratzen da. Estefanía de Paz Asín sortzaileak ikerketa sakona egin du XIX. mende amaieran eta XX. hasieran Iruñean jaio zen emakume iraultzailea ezagutarazteko. Soka gainean Europako hiri esanguratsuenak zeharkatu zituen artistaren bizitza inspirazio eta miresmen iturri bihurtzen da obra, ahanzturatik aitortzara egindako bidean.
BI BASO BAT UR antzezlanak tratu txarren osteko alaitasunaz hitz egiten du. Izan ere, edozein arrazoi dela medio, tratu txarrak jaso duen edonori alaitasunerako eskubidea zalantzan jartzen zaio, tratu txarren ostean ere. Mina bizi izan duen emakumearen (eta edozein pertsonaren) alaitasunerako eskubidea aldarrikatzen du, umorea eta poza ahalduntzerako tresna gisa kokatuta. Isiltasunetik mugimendura, geldotasunetik dantzara, bizitzari berriz heltzeko indarra erakusten du.
Azkenik, LAS REINAS KANPINA, La Cuerda Teatro eta Ttipia Kultura konpainien proposamena, umorez eta ironiaz beteriko komedia da. Urtero kanpin berean oporrak igarotzen dituen emakume talde baten bidez, “opor perfektuen” mitoa, botere-harremanak eta hierarkien errepikapena jartzen dira zalantzan. Emakumeek agintzen duten espazio batean ere, benetako askatasunaz hausnartzeko gonbita egiten du lan honek.
Martxoko programazioak emakumeen memoria, ahotsa, umorea eta indarra ospatzen ditu. Oholtza gainean jarritako istorio hauek ez dira soilik kontakizunak: gure komunitatearen parte diren emakumeen begirada eta esperientzien aitortza dira.


