Prest al zaude denboraldi berrirako?
Sarobeko programazio berria aurkezten dizugu, urria, azaroa eta abenduko hilabeteak girotzeko proposamenekin. Antzerkia, txotxongiloak, musika, memoria eta konpromisoa batzen dira eszenatokian, herritar ororentzat egokitutako ikuskizunekin.
🍂 Urriari hasiera beroa
Urrian sartuta, denboraldi berria martxan jarriko dugu eta hilabetea ezin hobeto hasteko prest gaude. Denboraldiko programazioari emango diogu hasiera, eta gainera ez edonola: gure herriko eta euskal kulturaren historian ezinbesteko izan den Lurdes Iriondo gogoratuz. Abeslari urnietarraren inguruko “Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” filma izango da lehen saioa. Iriondo euskal kulturaren transmisioan erreferente handia izan da, eta pelikula hau aukera paregabea izango da haren ekarpena ezagutzeko eta gogoratzeko. Hilaren 19an, Zurrunka Teatroa etorriko da gurera, txikienek zein helduek elkarrekin gozatzeko ikuskizun hunkigarria eskainiko du konpainiak “Gure Kanoa”. Aste bete geroago, urriaren 26an, gogotsu jasoko dugu Dejabu Laborategia. Oraingoan “Itzulera” antzezlana ekarriko digute: umorea, poesia eta ekintza uztartzen dituen pieza berezia. Hiru artistaren bidaia kontatzen du Mexikora, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak etengabe arakatuz zuzeneko road movie baten moduan. Ziur gozatzen duzula, ez galdu aukera!
🍁 Azaroa: aniztasunaren hilabetea
Azaroan aniztasuna izango da ardatz. Loraldia Produkzioak Ikilimikiliklik ikuskizun multidiziplinarraren aurrestreinaldia aurkeztuko du Urnietan, eta hemendik egingo du salto hainbat eszenatokietara. Azaroaren 19an eta 20an, Zanpatuz mendi elkarteak aukera paregabea proposatzen du: mendiko proiekzioak eta solasaldiak Amaia Agirreren oroimenez. Azaroaren 23an, Titirijai jaialdiaren eskutik O Quelle Dommage konpainia belgiarrak “Ma tache” ikuskizuna ekarriko du Urnietara. Txotxongiloen lan fin eta hunkigarria izango da, eta lehen aldia da jaialdi ospetsua gure herrira iristen dena.
Azaroaren 30ean, A25 –Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna– dela eta, hitzordu berezia dugu: La Chivata Teatro konpainiak “Yo soy azul” antzezlana ekarriko du gurera.Antzezlan honek zahartzaroari buruz kontatu izan zaizkigun istorioak hankaz gora jarri eta ezkutuan geratu diren gorputzen istorioak argitara ekartzen ditu. Gorputz horiek etengabe mugitzen, aldatzen eta eboluzionatzen ari direla erakusten digu.Konpainiak beste begirada bat eskaintzen du: freskoa, ausarta eta beharrezkoa.
❄️ Abendua, ekitaldiz beterik
Azaro koloretsuaren ostean, abendua ekitaldiz beterik dator urteari amaiera emateko. Abenduaren 2an, Euskararen Eguna aitzaki, Tartean Teatroak “Ai Gure Juaneteak” aurkeztuko du: Laboaren kantuak berrinterpretatu eta eraldatzen dituen antzerki eta musika uztarketa, bere esentzia mantenduz baina bide sortzaile berriak esploratuz. Abenduaren 14an, Tanttaka Teatroa-ren txanda izango da, “Desobedienteak 18/98” aurre-estreinaldiarekin, matxinadaz eta askatasunaz diharduen lan ausarta. Urnietako publikoak izango du, berriz ere, obra hau lehen aldiz ikusteko aukera. Eguberri bete-betean, abenduaren 26an, Ispirit taldeak bere “Gospel” kontzertua eskainiko du, Saroben dagoeneko Gabonetako tradizio bihurtu den hitzordu estimatua. Eta urtea magia artean ixteko, abenduaren 28an Asier Kidam etorriko da “Smile” ikuskizunarekin, irribarrez eta une harrigarriez agurtzeko 2025a.
✨ Sarobera etorri eta kultura bizi, partekatu eta gozatu. Denboraldi honek urteari amaiera ezin hobea emango dio!


