PENTAGRAMA-ENEA musika notazioa modu atsegin eta erakargarrian lantzeko sortutako proposamen didaktikoa da. Ipuin baten bidez, notak etxe bateko bizilagun bihurtzen dira, eta horrela, pentagramako lerro eta tarteetan kokatzen ikasten dute haurrek, ia ohartu gabe.
Proiektua Lehen Hezkuntzan musika irakasten hasi nintzenean sortu zen, notazioa irakasteko bide motibagarri baten beharrari erantzunez. 95-96 ikasturtean, ikasleen ekarpenei esker, ipuina osatu genuen, eta harrera beroa izan zuen, batez ere notazioarekin zailtasunak zituzten haurren artean.
Badakigu haurren lehen harremana musikaren irakurketarekin erabakigarria dela. Esperientzia atsegina bada, motibazioa pizten da; eta motibazioa badago, ikaskuntza errazago eta azkarrago dator. Horregatik, PENTAGRAMA-ENEA ez da metodo itxi bat, baizik eta lehen urrats horiek goxo eta eraginkor egiteko ipuin xume eta praktikoa.
Materiala elkarlanean garatu genuen Karmele Mujika eta Begoña Lamyre irakasleekin; kanten musikak Fernando Ederra musikariak sortu zituen, eta grabaketa Sarobe Arte Eszenikoen Gunean egin zen. 2002an, Kantuzaleen Elkarteak antolatutako Musika Irakasleen Topaketetan aurkeztu genuen esperientzia.
Aurten, ipuinek jauzi handi bat eman dute. Zurriburri Antzerki Taldea-ren laguntzari esker, eszenaratu eta grabatu egin dira. Horrela, proiektu pedagogikoa osatu da, eta baliabide oso bat eskura jarri da musika irakasten duten irakasleentzat.
Antton Jauregi Aranburu
Pentagrama-Enea – Sortzailea.


