Yogan garrantzitsua da ulertzea gorputz-jarreren helburua ez dela perfektuak egitea, baizik eta gorputza norabide horretan nola irekitzen den sentitzea.
Jarrera emaitza bat besterik ez da; benetako ikaskuntza, ordea, gorputz-jarrerarako bidean gertatzen da. Bide horretan gorputza eta burua batasun eta harmonia egoera batera eramaten ditugu. Izan ere, jarrera bat egiteko kontziente izan behar dugu egiten dugunaz: mugimenduez, arnasketaz, pentsamenduez. Horrek guztiak ez gaitu soilik meditazio egoera batera eramaten, baizik eta gorputzean zein buruan gertatzen zaigunaren aurrean nola erreakzionatzen dugun irakasten digu.
Zailak egiten zaizkigun gorputz-jarrerek erakusten digute gehien, behin eta berriz praktikatzea eskatzen baitute. Hor dago aurrerapenaren sekretua: etsi gabe praktikatzea, ahalegintzen jarraitzea, mugitzen jarraitzea. Horrekin batera, indarra eta sendotasuna lantzen ditugu, bai fisikoki bai mentalki.
Batzuetan gorputz-jarrera lortuko dugu, beste batzuetan ez. Baina beti geratzen dena, gorputzaren eta burmuinaren memorian, ikasitakoa da: mugimendu bat behin eta berriz errepikatzetik sortzen den ikaskuntza, hain sinplea bezain konplexua den ekintza horretatik. Eta errepikapen horretan lantzen ditugu diziplina, konstantzia eta irmotasuna, besteak beste. Eta, batez ere, geure burua hobeto ezagutzen laguntzen digu.
Yogaren bidean agertzen den erronka bakoitza hazteko eta ikasten jarraitzeko aukera bat da, pixkanaka osotasun handiago batera eramaten gaituena.
Lorena Carvajal


