Udan ere, sormena agerian

Uztailarekin batera, 25/26 denboraldiari agur

Sarobeko Ikastaroek amaiera bikaina izan dute. Yoga taldeek urte osoan zehar ongizatea, oreka eta praktika uztartzeko aukera izan dute; funky taldeek, berriz, denboraldian landutako guztia oholtzara eraman dute, ikasturte amaierako erakustaldian. Giro aparta eta energia handia izan ziren protagonista, egindako lanaren emaitza ikusgai jarriz.

Urtearen lehenengo seihilekoan Sarobeko agertokiak ia 1.800 ikusle hartu ditu. Antzerki emanaldiak, aurrestreinaldiak eta herriko elkarte zein udaleko jarduerek bizirik mantendu dute espazioa, astez aste. Horri esker, Sarobek kulturaz gozatzeko eta elkartzeko gune izaten jarraitu du, askotariko proposamenez betetako agenda eskainiz.

Bestalde, Sarobe Fabrikak uda garaian ere sorkuntza-prozesuak babesten eta sortzaileei lanerako espazioa eskaintzen jarraitzen du. Tanttaka Teatroa dagoeneko Reencuentro y un alma valerosa obraren sormen-prozesuan murgilduta dago; Txalo Produkzioak, berriz, antzokia baliatuko du Tigrea ikuskizunaren azken prestaketak egiteko, Donostiako Aste Nagusian aurkeztu aurretik. Urtez urte errepikatzen den moduan, Txalok Saroben aurkeztuko du publikoaren aurrean udako komedia berria, aurrestreinaldi formatuan. Handik gutxira, ikuskizunak Donostiako Antzoki Zaharrean egingo du bere ibilbidearen hurrengo geldialdia. Dagoeneko tradizio bihurtu diren hitzordu hauek udako kultur agendako ezinbestekoak dira, ikusleei estreinaldi handien aurretik antzerkia gertutik bizitzeko aukera eskainiz.

Era berean, Aukeran Dantza Konpainiak, Sarobeko konpainia egoiliarrak, ADK.3.7 kale ikuskizunarekin bira egiten jarraituko du. Entseguak eta proiektu berriak ere izango ditu esku artean; izan ere, uda iritsi arren, sorkuntzak ez du etenik.

Eta bitartean, guztiaren berri izan nahi baduzu, jarraitu gaitzazu sare sozialetan. Bertan partekatuko ditugu aurrestreinaldiak, agendako ikuskizunak eta Saroben sortzen ari diren proiektu guztiak.

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.