Ikasturtea amaitu da, eta ezin hobeto borobildu dugu ekaineko erakustaldiarekin. Etorri zinen ikustera ala galdu zenuen? Primeran pasa genuen! Arropa berria probatu, osagarri eta apaingarriak prestatu… ilusio handiz atera ginen oholtzara.
Eta zergatik dira hain garrantzitsuak horrelako esperientziak? Nire ustez, ikasleei autonomia irabazten laguntzen diete, oholtza gainean eta jendearen aurrean dantzatzeko lotsa edo beldurra pixkanaka gainditzen, eta, batez ere, bakoitzaren nortasuna eta esentzia agertzen uzten dute. Jakina, ikasturte osoan landutakoa erakusteko aukera ere bada.
Aurten, gainera, ez gara koreografiak lantzera mugatu. Doinuak, erritmoak eta mugimenduaren kalitatea eta freestylea ere landu ditugu, jolasen eta ariketen bidez, dantzarekin gozatzen ikastea helburu hartuta.
Emanaldiaren egunean batzuk urduriago zeuden, beste batzuk animatuagoak, beste batzuk nekatuagoak… baina inportanteena da, elkarrekin talde-lan ederra egin zutela Eta niretzat, hori da benetan garrantzitsuena: lankidetzaren balioa ulertzea eta dantza lehiatik urruntzea, eta elkar zaintzea. Oso koordinatuta aritu ziren, eta une oro elkar animatu edo lasaitu zuten, norberaren beharren arabera.
Gainera, gurasoen eta ikasleen aldetik jaso nituen hitzak eta iritziak oso positiboak izan ziren, eta horrek poz handia ematen dit. Eskerrik asko bihotzez.
Espero dut bai ikasleek bai familiek egunaz gozatu izana, eta datorren ikasturtean berriro elkarrekin dantzatzen jarraitzea.
Eskerrik asko,
Irene Cormenzana
Funky irakaslea


