ANTZERKI MANDALA – Mikel Agirregomezkorta

Antzerki tailerrak azken erakusketarekin amaitu du bere ibilbidea eta orain balantzea egiteko garaia da. Horretaz gain, ikasturte amaiera bakoitzaren ondoren urtez urte errepikatzen zaidan sentsazio bat aipatu nahi nuke. Sentsazio gazi-gozoa hain zuzen, nahiz eta ez jakin egoera hori eragiten duten zirkunstantziak aldatu daitezkeen.

Izan ere, denek ahalegin handia egin dute erronka hori aurrera eraman ahal izateko, bihotz-bihotzez, maitasunez, ilusioz, eta irmotasunez, baina baita sakrifizio handiz ere (gogoratu behar da azken prozesuan entsegu-orduak tailerrak markatzen dituenak baino askoz gehiago direla, eta horrek tentsioa, estresa, urduritasuna, etab. eragiten duela), eta merezi izan ote duenaren zalantza sortzen zait.

Idea hau azaldu nahi dut; estreinaldiaren euforiaren ondoren, hutsunearen sentsazio normalari beste hutsune bat gehitzen zaio, obraren ibilbide hutsarekin zerikusia duena, behin estreinatuta. Jaio berria da, erditzea zoragarria eta mingarria izan da, baina haurrak ez du etorkizunik. Eta pena da, zailena eginda baitago, eta orain politena litzateke publiko baten artean hazten ikustea, garatzen eta eboluzionatzen.

Bada, sentsazio hau yoga irakasle eta lagun batekin partekatzen ari nintzenean, tibetar mandalei buruz hitz egin zidan. Sinplifikatuz gero, esan daiteke mandala unibertsoaren irudikapen sinbolikoa, espirituala eta errituala dela, besteak beste atxikimendu eza lantzeko eta bizitzaren iragankortasuna sinbolizatzeko egiten dena. Zehazki, Tibeteko mandalak sortzeko, monjeak elkartzen dira hainbat egunetan zehar eta koloreetako hareaz eta pazientzia amaigabeaz irudi geometriko zirkular bat egiten dute. Bukatu eta gero, suntsitu egiten dute ezerk betiko irauten ez duen sinbolo gisa.

Nire lagunak jarri zidan adibidea gustatu zitzaidan, eta gogor samarra bada ere, tailerraren amaierako lanak horrela planteatzen ditut, mandalak balira bezala.

Dena den, antzerki-tailerraren amaierako mandala horiek duten presentzia espiritual eta erritual hori kontutan izanik, ondo legoke, ahal den neurrian, horiek inguruko beste herri batzuetan egiten diren beste antzerki-mandala batzuekin erlazionatzea. Benetan uste dut honek ez duela lan handirik eskatzen eta posible dela. Horregatik, lerro hauetatik, dagokionari, eskaera bat egin nahi nioke hori gerta dadin.

Mikel Agirregomezkorta

Urnietako antzerki tailerraren zuzendaria.

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.