A zer nolako proposamenak lotu ditugun urtea hasteko! Umoreaz, hausnarketaz, familia antzerkiaz, dantzaz eta sorkuntza amateurraz gozatzeko aukera emango dizu denboraldi hasiera honek. Obra bakoitzak esperientzia paregabea eskainiko du, eta gustu guztietarako ikuskizunak izango ditugu:
Eskaintza dibertigarriarekin hasiko dugu urtea. Txalo Produkzioak ekoiztetxeak “Amak” ikuskizuna taularatuko du jendaurrean. Eskola bateko itxarongelan harrapatuta dauden lau emakumeri buruzko komedia izango dugu oholtzan. Amatasunaren gaineko esperientzia unibertsalari buruzko barreak ez ezik, benetako hausnarketa-uneak ere sorraraziko dituen obra izango dugu gurean.
“Kutxartean” (FETEN 2024 Saria). Oso erakargarria izango da familientzat FETEN saria eskuratu berri duen clown ikuskizuna. Kutxa baten barruan “abentura handiak” bizitzeak irudimenean murgiltzera eta adin guztietan funtsezkoa den sormen-lanketara gonbidatuko gaitu.
Antzerki amateurra sustatzeko bidean, Kemenenek “El caso camping” antzezlana aurkeztuko digu. Profesionalak ez izan arren, antzerkia beren pasio bihurtzen dutenen lana ikusiko dugu. Antzerki amateurrak, zalantzarik gabe, kultur eskaintza aberasten du eta ahots berriei atea zabaltzen laguntzen die.
“La fábula de la ardilla”, La Baldufa-ren proposamenak, entretenimendua eta hausnarketa uztartzen ditu. Bi pertsonaia (trikua eta urtxintxa) ezberdinekin osatutako fabularen bidez, desberdintasuna eta mestizajea bezalako gaiak jorratzen dira.
Haatik dantza konpainiak, egoitza artistikoaren azken fasea landuko du Sarobeko Fabrikan. “Herri Gogoa” euskal herriko lehen zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada gisa sortu da “Ots” dantza-lana. Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratzea lortu zuen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin.
Atalayak, eskarmentu handiko konpainiak, Becketten obraren interpretazioarekin, goi mailako eszenaratzea agintzen du. “Esperando a Godot” lana hain da konplexua eta sakona, hain unibertsala giza izaerari buruzko hausnarketan ikusmin handia sortuko duela publikoarengan. Zalantzarik gabe, Becketten absurdoak eta tragikomediak ikusleen bihotzak ukituko ditu.
Multimedia antzerkia, bideo-animazioa, elkar eragina eta musika nahastuta, proposamen berritzailea eta erakargarria izango da “Anbotoko Mari”, batez ere familientzat. Esperientzia paregabe bihur dezakete ikuskizuna elkar eraginek eta berrikuntza teknologikoek.
Uda aurreko programazioa Barrexerkaren emanaldiarekin ixtea, denboraldia amaitzeko modu ezin hobea izango da. Konpainiak urteak daramatza gazteekin eta gazteentzat lanean, eta “Nahastumbury” antzezlan berriarekin, seguru, umore lotsagabe eta freskoa eskainiko dutela, betiere, euskaraz.
Laburbilduz, genero eta estilo desberdinak ez ezik, gai sakon eta unibertsalak ere jorratuko dituen programazioarekin hasiko da aurtengo eskaintza: umoretik hasi eta nortasunari, kulturari eta giza harremanei buruzko hausnarketetaraino.
Magia, zirrara eta, jakina, umore handia, ziurtatuta, denboraldi honetan!