Urtero, Sarobeko oholtzak hitzordu berezi-berezia hartzen du: Lourdes Iriondo Musika Eskolako kontzertu pedagogikoak. Ekimen honek instrumentuak eta erritmoak HH5, LH1 eta LH2ko Egape eta Magale ikastetxeetako ikasleei hurbiltzen dizkie modu atsegin eta pizgarrian. Musika modu bizian esperimentatzera eta guztiona den hizkuntza deskubritzera gonbidatzen ditu.
Horretarako, ikasleen imaginarioarekin konektatzen duten gaiak diseinatzen dituzte irakasleek, hala nola “Txapela buruan eta ibili munduan”, “Ipuinak” edo “Zirkua”. Saio hauetan entzunaldi aktiboak egiten dira azalpen atseginekin uztartuta; gonbidatutako haurrak partaide bihurtzen dira, eta berehalako konexioa sortzen da.



Proposamen honek ikaskuntza-esperientzia dinamikoa eskaintzen du, jakin-mina piztu eta entzute aktiboa sustatzen du. Instrumentu bakoitza nola jotzen den ikusteak eta bere soinua zuzenean entzuteak aurkikuntzez beteriko mundu bat irekitzen die gaztetxoei, eta haiekin gehien konektatzen duten instrumentua aurkitzen laguntzen die.
Kontzertu bat baino gehiago, ikasleek eta irakasleek musikaren bidez partekatzen duten topaketa da. Azken batean, erritmoz eta dibertsioz beteriko jardunaldia, artea ikasgeletara hurbiltzen duena eta, agian, funtsezko nota bihurtzen dena: etorkizuneko musika-ikaslearen preludioa.


