Sarobek, beste urte batez, antzerki amateurrari egingo dio tartea. Urnietako Udalaren apustua da hasten ari direnen proiektuak sustatzea, ikusgarritasuna ematea eta herritarrei gerturatzea. Aldi berean, konpainiei euren lanak taularatzeko leku eta baldintza egokiak eskaintzen zaizkie.
Antzerkiaz gozatzeko asteburu ederra dator! Hartu agenda eta gorde datak: urriaren 23tik 25era. Sarobeko oholtzak hiru antzezlan hartuko ditu hiru egunetan, guztiak 19:00etan eta sarrera doan.
Hiru egun, hiru proposamen eta oholtza bera
Antzerki amateurreko taldeei ateak irekitzea beren zaletasunari denbora eskaintzen dioten, entseatzen duten eta sormenezko proiektuak aurrera eramaten dituztenen aldeko apustua egitea da. Blog honetan aurrez kontatu genuen bezala, Sarobek tarte bat gordetzen du bere programazioan antzerki amateurrarekin, eta beharrezko azpiegiturak eskaintzen dizkie taldeei emanaldiak ahalik eta baldintza onenetan egin ditzaten.
Egitaraua
- Urriak 23, ostirala: Gure Kontuak lanarekin zabalduko da asteburua. Txalo Talo taldearen euskarazko proposamena da, Urnietako Insmouth elkartearen eskutik datorrena. Herriko osagai nabarmena duen lana, antzerki asteburu honi hasiera emateko.
- Urriak 24, larunbata: Arte Eszenikoen Formatu Txikiko Lehiaketaren finala izango da ikusgai, Zurriburri Antzerki Elkarteak antolatuta. Formatu txikiak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, antzerkia eta ikusleekiko harremana beste modu batzuetara esploratzeko proposamenak ezagutzeko aukera izango da. Emanaldia elebiduna izango da.
- Urriak 25, igandea: Les Figuretes konpainiak itxiko du asteburua, Tierra lanarekin, gaztelaniaz. Taldea aurrez ere izan da Saroben, eta oraingoan ere ikusleen aurrean izango da, aurreko emanaldietan harrera ona izan ondoren.
Orain gauza bakarra falta da: oihala irekitzea eta ikusleek euren lekua hartzea. Saroben ikusiko dugu elkar. Eta, noski… Eman egurre!


