Ikilimikiliklik, Loraldiaren produkzio berria, ernatzen hasi da!

Loraldia Produkzioak egonaldi artistikoa egiten ari da aurten Sarobeko Fabrikan, Ikilimikiliklik ikuskizunarekin. Urnietako espazio eszenikoan, sortzaile-taldea diziplina anitz uztartzen dituen obraren eszenaratze-prozesuan murgilduta dago, eta lehen urratsak ematen hasi da.

2020an ere izan zen Loraldia Produkzioak Saroben, Tanttaka Teatroa eta Demodé Quartet taldeekin elkarlanean Iparragirre, bihotzeko Jose Mari ikuskizunarekin. Oraingoan, ordea, Loraldia da ekoizle bakarra, eta horrek nobedade nabarmena dakar.

Sarobeko Fabrika betidanik izan da esperimentaziorako espazio egokia. Entseguak egiteko, sortzeko, huts egiteko eta probatzeko aukera ematen du, eta saio bakoitzean taldeek aurrera egiten dute: ideiak garatzen, xehetasunak fintzen eta erabakiak hartzen. Lanerako gune hutsa baino gehiago da: inspirazioa pizten du, laguntza eskaintzen du eta sortze-prozesuan aktiboki parte hartzen du. Horregatik, Urnieta Euskal Herriko eszena-sortzaile askorentzat erreferentziazko lekua bihurtu da.

Ikilimikiliklik ikuskizunaren sorkuntza-prozesua Sarobeko azpiegituretan hasi da, saio trinko eta laburrekin. Lehen fase honen ondoren, lan-taldeak proiektuan sakontzen jarraituko du, sormen-prozesu geldo eta sakon baten bidez, eta horretarako aldizkako egonaldiak egingo ditu. Prozesu horren emaitza azaroan ikusi ahal izango dugu, aurrestreinaldian.

Adi egon, ikuskizun aparta dator!

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.