“ITZULERA” ikuslearen ahotan

Bere azken lana aurkeztu zuenetik lau urte igarota, taula gainera igo da berriro ere DEJABU antzerki-konpainia, obra berri batekin: “ITZULERA”. Besteak beste, berriro oholtzara egin duen jauzia du hizpide lanak, hain justu ere: Ongi etorri eta eskerrik asko.

Obraren hasieran pertsonaiek aitortzen dutenez, beraien barne-bidaia baten emaitza da ikuskizuna: krisi existentzial eta sortzaile baten erdian, helduleku bat aurkitzeko ahaleginaren fruitua. Krisi horrek Mexikoraino eramaten ditu, Etxepare Euskal Institutuaren enkargu baten aitzakiarekin. Testuinguru horretan kokatuta abiatzen da obra, Mexikora bidaian, askotariko baliabideren laguntzaz eta erritmo frenetikoan, 90 minutuz, aulkiari itsatsita mantentzen du publikoa, harriduraz bezain liluraz.

Antzezlanaren amaieran, publikoak ez daki zer ikusi duen: filma bat, antzerki-lan bat ala magia-ikuskizun bat. Beharbada hiruen lekuko izan da.

Hiru mailatan eraiki da road movie-a, era berean, eldarniozko komedia ere badena, ukitu psikodelikoak dituen thrillerra, poesiaz eta umorez beteriko obra dibertigarria eta freskoa: lehenik, antzerkiaren planoa egongo litzateke, oraingoan, beren burua antzezten duten aktore polifazetikoz osatuta; bigarrenik, antzerkia zine bihurtzen den maila egongo litzateke, beste ikuspuntu batetik zuzenean eszenan gertatzen denaren berri ematen duena pantaila baten laguntzaz. Azkenik, gauza bera mintzagai, baina nork bere lengoaia erabilita, aurreko bi plano horiek uztartzen eta osatzen dituen maila egongo litzateke: magia hutsa. 

Zentzu horretan, eskertzekoa da oholtza gaineko artisau horien eskuzabaltasuna, Georges Méliès handiaren estiloan, trikimailuak zuzenean partekatzen baitituzte, baita pantailaren bidez emaitzak agerian jarri ere, publikoaren gozamenerako. Gainera, ikuskizunean bidelagun den soinu-banda ederra gehitu behar zaie baliabide teknikoei zein irudiei.

Laburbilduz, bere izenak iradokitzen duenaren kontrara, berrasmatu egin da DEJABU, xehetasun nahiz freskotasun handiko ikuskizun original eta dinamiko bat eskaintzeko. 

Amaitzeko, beren webgunean irakur daitekeen pasadizo bat gogora ekarrita, bada obra behin baino gehiagotan ikusi duenik, lau bider egon den batek omen du marka. Nik ez dut hain urrun iritsi nahi, baina bai, zalantzarik gabe, berriz ikusteko gogoz geratu naiz.

Mikel Agirregomezkorta Casals

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.