Rigor Mortis euskarazko familia-komedia bat da, Tanttaka Teatroak eta Txalo Produkzioak elkarlanean ekoitzia. Euskal antzerkigintzako bi erreferente nagusiren arteko lehen koprodukzioa da, eta ikuskizunaren sormen-egonaldia Saroben egingo dute.
Proiektuaren oinarria Dorleta Urretabizkaiaren testua da. Testu hori 2022an hautatu zuten «Antzerkigintza berriak – Nuevas dramaturgias» programan, ANTZ3RKIZ aliantzak bultzatuta. Gasteizko Principal Antzokia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokia eta Bilboko Arriaga Antzokia elkartzen dituen egitasmo horren helburua dramaturgia garaikide berriak sustatzea da.
Proiektu honek lotura berezia du Saroberekin. Izan ere, bi konpainiek lotura estua dute espazio honekin. 1994an Sarobe ireki zenetik, Tanttakak eta Txalok hemen aurkitu dute ikertu, entseatu eta sormen-prozesuak garatzeko lekua. Haien ekoizpen askok hemen eman dituzte lehen urratsak. Oraingoan ere bueltan dira, baina lehen aldiz, elkarrekin.
Ikuskizun bakoitza sormen-prozesu batekin hasten da. Eta hori hemen gertatzen da, Saroben.


