FABRIKAk “BETETA” kartela jarri du

Sarobe AEG , 30. urteurrena ospatzen duen honetan, Euskal Herriko antzerki eta dantza konpainiek garatutako proiektu eszeniko ugariren lekuko izan da. 2023ra arte, formatu eta diziplina askotako 366 ekoizpen lagundu ditu artistikoki eta teknikoki. Sektoreko profesionalek beharrezko denbora, espazioa, baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan dituzte ikuskizun berriak sortzeko eta altxatzeko.

Horren adierazgarri da 2024rako okupazio-egutegia jada beteta dagoela: Tanttaka, Txalo eta Vaiven konpainia beteranoek proposamen eszenikoak garatu edo garatuko dituzte Sarobeko azpiegituretan. Txalo eta Vaiven konpainiak biran dira jada “Almazenean” eta “Masustondoen patioa” lanekin, hurrenez hurren. Gainera, Txalok “Artea” antzezlana taularatuko du, duela ia 20 urte konpainiak obra hau lehenengoz estreinatu zueneko aktore berberekin. Tanttakak bi egoitza egingo ditu: lehenengoa, “Flor de plástico” lanarekin, gaztelaniaz eta CDNrekin koprodukzioan. Bigarrena, urte amaieran, “Heisenberg” muntaiarekin. Ramon Agirre aktore ezagunak Ilaski Serrano kazetari eta aurkezlearekin partekatuko du agertokia, azken honek lehen aldiz aktore rola hartuko duen antzezlanean.

Easo Abesbatzako kideek esperientzia errepikatu dute Saroben egingo duten hirugarren egoitzarekin, Donostiako Musika Hamabostaldian aurkeztuko duten “Egia ala geruza” obra musikalarekin. Azpiegituren moldagarritasunak abeslari gazteen sormen-gaitasuna garatzea errazten du eta planteamendu eszeniko integrala ahalbidetzen du.

Aipagarria da, halaber, Bizkaiko bi konpainiak Sarobeko agertokia zapaldu edo zapalduko dutela lehen aldiz beren muntaietarako: Janire Etxabe, aurtengo Max sarietako finalista kaleko ikuskizunen kategorian, proiektu berri batean murgildu da, oraingoan aretoan, “Atxine” performance-a esploratu eta garatzeko beharrezko baldintzak aurkituz. Uda ostean, Tartean Teatroak “Non dira haurrak ?” antzezlana muntatuko du, horren proiektu zorrotzari erantzuteko behar den ibilbidea eta esperientzia duen aktore-zerrenda eta lantalde batekin.

Amaitzeko, udazkenean, Aukeran DK konpainia egoiliarra “Amama” ikuskizun berri baten sorkuntzan eta muntaketan murgilduko da, Euskal Herriko ipuinak taularatuko dituzte dantzaren bidez. Publiko familiarrari zuzendutako lehen ikuskizuna izango da, eta erronka handia, beraz, konpainiarentzat.

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.