Duela hilabete batzuk, Saroben, Eugène Ionescoren “La cantante Calva” obra ikusi ahal izan genuen. Joan den igandean, Samuel Becketten “Godoten esperoan” obraren txanda izan da.
Aipatutako bi obrak, “La cantante calva” eta “Esperando a Godot”, antzerki absurdoaren erreferente dira eta biak dira pizgarri antzerkia maite dugunontzat.
Testuinguruan kokatzeko, antzerki absurdoa sortzen da gizadiaren eta gizartearen ikuspegia oso lausengarria ez den une batean: Bigarren Mundu Gerra amaitu berri da, eta denbora gutxian bi gerra handi bizi izan dituen gizadiaren ikuspegi ezkorrak, pentsamendu-korronte bat (existentzialismoa) eragiten du: bizitzak benetan zentzurik ba ote duen galdetzen dio gizakiak bere buruari. Egoera honetan garatzen da kutsu existentziala duen antzerki korronte hau: antzerkiaren lege aristotelikoak (hasiera, korapiloa eta amaiera) apurtzen ditu besteak beste eta itxuraz esanahirik ez duten tramak eta elkarrizketa inkoherente eta errepikakorrak erabiltzen ditu. Sortzen den kontakizun irreal eta oniriko honek sentsazio desberdinak eragiten ditu ikuslearengan.
Oraingoan, “Esperando a Godot” Sevillako Atalaya konpainiak eraman du eszenara, 30 urte luzeko ibilbidea baliatuz. Konpainiaren ezaugarri esanguratsuenetako bat klasikoak diren obrak altxatzen dituela da: Sofocles, Valle Inclán, Fernando de Rojas edo Shakespeare bezalako egileen obrak besteak beste.
Obrak bi ekitaldi ditu. Bi pertsonaiak, arloteak biak, Vladimir eta Estragon, Godot izeneko baten zain daude, nahiz eta inork ez jakin nor den (obraren amaieran ere ez dugu jakingo), baina badirudi Godoten zain egoteak bizirik jarraitzeko daukaten arrazoi bakarra dela. Itxaronaldi hutsal horrek giza bizitzaren zentzuaren eza islatzen du, eta obraren gaia laburbiltzen duela esango nuke. Itxaronaldian, Pozzo eta bere esklabo Lucky ere agertzen dira, aurrekoak baino xelebreagoak oraindik.
Atalayaren eszenaratzean, aktore-rolak trukatu egiten dira lehen eta bigarren ekitaldien artean. Lehenengoan Vladimir eta Estragonen rolak betetzen zituzten aktoreek Pozzo eta Lucky dira bigarrenean, eta alderantziz. Zentzu horretan, baliabide oso egokia eta koherentea erabiltzen duela esango nuke obra honek, transmititzen duen inkoherentziarekin bat egiten duelako.
Obrak hartzen duen erritmoa ere oso eskertzekoa da, ikuskizuna asperrean ez erortzea laguntzen baitu. Kontuan izan behar da testu errepikakorra dela, tramak ez duela haririk jarraitzen eta elkarrizketa inkoherenteak eta nahiko trinkoak erabiltzen dituela.
Laburbilduz, niretzat pozgarria da Saroben antzerkiaren historiaren arketipoak lantzen dituen antzezlanak ikustea, are gehiago , Atalaya bezalako antzerki konpainia esanguratsu baten eskutik.
Gora Antzerkia!
Mikel Agirregomezkorta Casals