Hiru hamarkadako ibilbidearen ondoren, oholtza gaineko bideari amaiera emango dio Vaiven Producciones-ek, euskal eszenaren erreferente ukaezina den konpainiak. Hala, hutsune nabarmena biziko du, beraz, Euskal Herriko kultura-ekosistemak, 40 ikuskizunetik gora ekoitzi baitituzte bidean, hainbat sari jasotzearekin batera. Behin betiko itxiera arte eszenikoen sektoreak bizi duen krisialdi larriaren ondorio da, desegonkortasunak Vaiven bezalako konpainia independenteak astindu baititu, bereiziki.
Bere ibilbidearen lekuko eta gotorleku izan da Sarobe Arte Eszenikoen Gunea, pasioa eta profesionaltasuna partekatuz, 30 urte hauetan. 1998tik, “La Coraje”, estreinatu zuenetik, 2024ra arte, “Masustondoen Patioa” azken antzezlanera arte, Vaivenek bere proiektu eszeniko gehienak Fabrikak eskaintzen duen zerbitzuan garatu ditu: “Familia sarekada”, “Ni munduko txarrena”, “Sherezade eta tipularen azalak”, “Lotsagabe”, “Happy end”, “Purga”, “Duda razonable”, “El club de las mujeres invisibles”, “Inalambrikak”, “Antígona”, “Nasdrovia Chejov”, “Eduardo II”, “Victor Bevch”, “A cuestas con Murphy”, “Crímenes del corazón”.
Zalantzarik gabe, luzaroan iraungo du Vaivenen lanak kulturzaleen artean, eta, zeresanik ez, Sarobeko hitzorduetan hutsik egiten ez dutenen artean, konpainiaren makina bat aurrestreinaldiez gozatzeko pribilegioa izan baitute,… Hori bai, benetako luxua!
Ez da kasualitatea konpainiaren izena, “Vaiven”, artista sortzaileen jardunari estuki lotutako kontzeptuak ekartzen baititu gogora: ezegonkortasuna, nomadismoa, oszilazioa eta etengabeko joan-etorria. Espiritu horrekin egin dute beren bidea, harik eta une zail honetara iritsi arte. Horregatik, prest egongo gara, konpainiaren agur-emanaldian, merezitako gorazarre eta txalo-zaparrada eskaintzeko.
Kaka Zarra! Ez dadila kulturaren haria eten!