Luix Mari Zaldua filologo eta urnietarra arduratu zen arte eszenikoen zentro berriaren izen egokia ikertzeaz. Bere ikerketa lanak gunearen bere izena proposatzera eraman zuen: Sarobe.
Inauguraziorako, 1994ko uztailaren 21ean, Luix Mari Zalduak idatzi zuen izenaren jatorria azaltzen duen idazki hau:
“Bere izaera Urnieta XII. menderako dokumentatzen delarik, sarobeak dudarik gabe gure erreferentzi historikorik zaharrena dira.
Inguru komunal batetan (zilegia) kokatutako erabilpen eta ustiadura partikularreko esparru batzu dira, bere forma gure lurraldean gutxi gora behera 150 metrotako (22 gorabila) erradioa duen borobil batena da, erdian 8 arrasto bitartez beste hainbeste baztermugarri adierazten dituen artamugarri bat izanik.
Gaur egun Urnietan bere horretan sarobe bakar bat mantentzen da, Olaberriagakoa, baina jakin badakigu historikoki beste 8 ere bazirela, Azurriaga, Altzusta, Amunola, Asolamakio, Gorostarbe, Legarralde, Mendabio eta Zuloeta, hauetatik batzuk oraindik bere artamugarri gordetzen dutelarik.
Daukaten garrantzitasunari buruzko zertzelada modura, joan den udaran Sofian (Bulgaria) ospatutako IV Munduko Arkeoastronomia Biltzarrean beraietako bat baino gehiago Europa Atlantiarrean erabilitako aintzinako sistema septenarioarekin lotu daitezkeen neurketa moldeak lituzketen adibide gisa aipatu zirela esatea nahikoa bedi.”