Maiatza, tokiko kulturaren eszenatokia

Maiatzean, Sarobeko agertokia udal jardueren topagune bihurtuko da. Ikasturtean zehar egindako lana erakusteko unea iritsi da, eta herriko ikastetxe, elkarte eta taldeek hartuko dute protagonismoa. Izan ere, hilabete honetako programazioaren %90etik gora tokiko ekimenek osatzen dute, Urnietako kultura komunitatearen indarra agerian utziz.

Hilabeteari hasiera emateko, Tinko Zine Eskola-ren azken proiekzioa izango da, HHko ikasleei zuzendua. Horrez gain, Sarobe Fabrika-ren eskutik, “Herencia” ikuskizunaren aurrestreinaldia eskainiko dugu primizian: izan ere, lana ez da udazkenera arte estreinatuko, baina sormen-prozesuaren ondoren, lehen aldiz Urnietako publikoarekin partekatuko dute.

Lourdes Iriondo Musika Eskola-k ere hainbat emanaldi prestatu ditu: alde batetik, urtero antolatzen duen kontzertu pedagogikoa, Urnietako ikasleei musika eta instrumentuak gerturatzeko; eta bestetik, ikasleek urtean zehar landutakoa jendaurrean erakutsiko dute ikasturte amaierako kontzertuetan.

Bestalde, Emakumeen Jabekuntza Eskola-ren zikloa ixteko, La Otra eta Jhana Beat artistek kontzertu berezia eskainiko dute, formatu akustikoa eta digitala uztartuz, giro intimoa eta festiboa bat eginez.

Antzerkiak eta dantzak ere izango dute lekua: Egape ikastolako kultur-astean diziplina anitzeko ikuskizunak izango dira, eta Magale ikastetxeko ikasleek Antzeria Eskolaren emaitza erakutsiko dute. Dantzari dagokionez, Funkyko ikasleek eta Egape Dantza Taldeko kideek beren lana aurkeztuko dute, energiaz eta talentuz beteriko emanaldietan.

Laburbilduz, maiatza kulturaz lepo dator!

logo-ej

Maximo Iurramendi, 2
20130 Urnieta, Gipuzkoa

Tel. 943 00 80 42
sarobe@urnieta.eus

Ordutegia
9:00-13:00
16:00-18:00

Udako ordutegia: 9:00-14:00

Gure estreinaldiei eta jardunaldiei buruzko informazioa jaso nahi baduzu klikatu hemen.