BITIK BAT
Lerro hauek idazterako orduan, eta bezperan Herentzia antzez lana ikusia izanik, zail da lotura bat ez egitea egunerokoan andrazkoek jasan behar dituzten zori gaiztoko ankerkeria-basati gehiegikeriekin, gehiegitan bizitzarekin amaitzeraino doazenak, tamalez. Herentzia antzezlanak, besteak beste, lerro horretan gogoetatzeko aukera eskaintzen digu.
Kulunka konpainiak, azken urteetan mimoz, zorroztasun eta emozio magikoz landutako maskara ikuskizun trilogia oparitu ondoren, aurreko bidean landutako konpromiso sozialaren ildo beretik, baina oraingoan “maskara” guztiak erantzita “Herentzia” ikuskizuna eskaini digute, Familia baten baitan oinarritutako tragedia gogoeta gai hartuta.
Ordu bete luzean garatzen da, eszenografia, argiztapena eta musikaren diseinuan alperreko sofistikazioetatik at, atmosfera orekatua lortuz gidoiaren eskakizunei estuki loturik momentu desberdinetan. Ikus-entzulea, aparteko arreta eskaini beharrik gabe, interpretazioaren dentsitateak harrapatuko du zerbait larria gertatzera doanaren susmopean. Hasiera berean sortzen den suspense egoerak, ikusleari gidoitik ihes egiteko aukerarik eman gabe garatuko da obra, besteak beste, gure bizitza errealean bizitutako pasarte errealekin tarteka kateatuz.
Ikuspegi zorrotzarekin landutako testuak, ongi marrazten ditu gure egunetan ematen diren giza harremanen korapiloak uztartzen dituzten zumeak. Lau antzezleen lan bikainak, sinesgarritasuna osoa ematen dio antzezlanari. Jakina, holakoetan sarri ahanzten dugun zuzendaritzaren esku-hartzea tarteko dela.
Javi eta Alizia, bikote eta protagonistek, matxismoak eragindako ondorio lazgarrien bidea jorratuko dute: Javiren gurasoen arteko gertaera lazgarri bat izango da gainditu ezinezko eztabaida betean bikotea jarriko duena, harremana desegiteraino. Javik, bere aitaren jarrera oldarkorra aitarengandik herentziaz jaso izanaren beldurrak bultzatuko du, maite duen Aliziari min ez egiteko, banaketa defendatzera. Aldi berean Alizia, ahalegin betean saiatuko da, maitasunaren indarrez elkarrekin abiatutako proiektua berritik abiatzea defendatzen. Javik ez du lortzen bere beldurrei aurre egitea. Aliziaren ahaleginek, ez dute Javiren trauma eta beldurrak uxatzea lortuko. Javi, bere beldurrak kudeatu ezinik bere onetik aterako da eta histeriko indarkeriaren eremura jauziko da.
Antzezlanak, errealitatearen argazkiaren bitartez mahairatzen du konplexutasunez betetako elkarbizitza eta hortik ondorioztatzen diren hainbat galde ikur ikus-entzulearen gogoeta bide: Zer da herentzian jasotzen duguna? Nola eragiten du gure egunerokoan? Nola kudeatzen ditugu beldurrak? Berdintasunari al diogu beldur? Nola garatzen ditugu bikote harremanak? Komunikazioa, zintzotasuna, maitasuna…nola ulertzen ditugu eta nola landu?…???? Gure puzleak ere osatu ezin dugun pieza baten zuloa ote dauka, Javiren aitarenak bezala?
Zelofanak hainbesteko indarrez estaltzen gaituen garai hauetan, oholtza gainean gizakia eta bere izatea ardatz duen gisa honetako lan gogoeta eragilea partekatu ahal izana, opari handi bat izan da. Eskerrik asko.
Urnietan 2026/05/19
Koldo Tapia


