Badira txaloekin amaitzen diren antzezlanak. Eta badira buruan bueltaka geratzen direnak memoriaren ateak zabaltzen dizkigutelako eta noizbait abiatu genuen bidearen zergatia berriro gogorarazten digutelako.
Horixe gertatu zitzaidan C.A.E. Saroben, Zurriburri Antzerki Taldeak Mikel Agirregomezkortaren zuzendaritzapean taularatutako José Sanchis Sinisterraren Lehen Frankismoko Izua eta Miseria ikusi nuenean.
Antzezlanak frankismoaren lehen urteak ditu hizpide, baina ez du iraganaz bakarrik hitz egiten. Gaur ere hausnartzera gonbidatzen gaitu.
Testu hau oholtzaratzea ez da hautu hutsa; lotura berezia du Saroberekin. José Sanchis Sinisterra espazio honen parte izan zen hasieratik bertatik. Elizondo zinema zaharrean egiten ziren nazioarteko antzerki topaketetan parte hartu zuen, gaur egungo C.A.E. Saroberen lehen haziak erein ziren garaian. Urte batzuk geroago ere itzuli zen, Euskadiko eta Estatuko hainbat konpainia elkartu zituen proiektu batean parte hartzera. Bere pentsamenduak eta antzerkia ulertzeko moduak arrasto sakona utzi zuten.
Horregatik, emanaldiak aurrera egin ahala, bi hitz besterik ez zitzaizkidan burura etortzen.: eskerrik asko. Mila esker.
Sarobe sortu genuenean argi genuen herri-antzerkia eta antzerki amateurra ez zirela bigarren mailako antzerkia. Aitzitik, komunitatea eraikitzeko modu bat ziren; kultura, hizkuntza eta pentsamendu kritikoa bizirik mantentzeko tresna. Pertsonak erdigunean jartzen dituen antzerkia.
Zurriburriren proposamenak ezin hobeto islatzen du ideia hori. Eszenografiaren soiltasuna ez da gabezia bat, hautu artistiko kontziente bat baizik, antzerki pobrearen tradizioarekin bat datorrena. Laukizuzen zuri soil batek mugatzen du espazioa. Ez da besterik behar. Testuak, antzezleen lanak eta ikusleen irudimenak hartzen dute protagonismo osoa. Mikel Agirregomezkortaren zuzendaritzak zehaztasunez eta neurriz gidatzen ditu antzezleen mugimenduak, eta berriro gogorarazten digu antzerkiaren benetako indarra ez dagoela baliabideetan, oholtza eta ikusleen artean sortzen den harreman bizian baizik.
Antzezle guztiek ausardiaz eta zintzotasunez heltzen diote testu zorrotz bati. Taldearen aurreko lanak ezagutzen ditugunok berehala antzematen dugu oraingo interpretazio-erregistroaren aldaketa. Beti pentsatu izan dut aktorearen lana ez dela bere zirrara erakustea, pertsonaiarena ikuslearengan piztea baizik. Hori gertatzen denean, antzerkiak bere magia egiten du.
Soinu-espazioak fin-fin laguntzen dio kontakizunari; giroak sortzen ditu, ikusleari bidea eginez, baina arreta bereganatu gabe.
Sarobetik irtetean, oholtzan gertatutakoa antzezlan hutsetik harago izan zela sentitu nuen. Emanaldiak berriro piztu zidan antzerkia ulertzeko eta bizitzeko modu hura; azken batean, Sarobe martxan jartzera bultzatu gintuen arrazoia bera. Zurriburri bezalako taldeei esker, Saroberi hasiera eman zion ametsak bizirik jarraituko du.
Kike Santiago


